XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

VIETNAM-EKO ZONBAIT BERRI

Saigon-eko gobernuek oraiarte ez dute behin ere onhartu, beren tropak jar zakizkioten amerikano buruzagi baten manu-pean. Iduri zitzaioten arrotzen meneko jartzea zitakela.

Bizkitartean Vietnameko buruzagiek eta amerikanoek zoin bere alde gerla eginez, ez dute aise garhaitzeko perilik.

Orhoit nola azken bi gerletan Angles, Frantses Amerikanoek behar ukan zuten lehen aintzindari bakar bat hautatu, zerbaitetarat heltzeko: 1914-eko gerla Fochek irabazi zuen, 1940-ekoa Eisenhoverek.

Itxuren arabera, frango desgustu iragan-eta, Saigon-eko buruzagiek oraikoan ez dute sudurra zimurtuko, ainzindari bakar baten eskuetan gerlaren ezartzeko eskaintza egiten bazaiote.

Anartean Ameriketarik ekarri bonbak uharka ari dira erortzen Iparreko etsaien gainerat: diotenaz, egun hautan hiru mila kintal bonba izan dira gisa hortan aurdikiak.

Bainan etsaia ez da izikorra: ez du iduri ihes egiterat dagola. Izaitekotz, thema gogortzen zaio. Gizonak eskas arau, emaztekiak emaiten dira soldado.

Armaz haatik, ez da erresuma bihirik Amerikanoeri nausi lakiokenik, ez China, ez Rusia ere.

Danang-eko barreamendua

Vietnam-eko gerla hortan, Vietcong direlako ipartarrek Danang eskualdean bildu zituzten hiru mila gerlari, eta fama zen Frantziako kazeta batzuetan segurik, tropa horiek ondotik heldu omen ziren bertze batzuekin garhait-aldi bat ona emanen ziotela Amerikanoeri, lehenago Dien-Rien-Phun Frantseseri bezala.

Bainan kondizioneak ez dira batere berdinak. Amerikanoak ez dira zilo batean hetsiak, bainan itsas-hegian, eta badute zer nahi arma.

Danang-eko Vietcongak obuzukaldika zirzikatu dituzte, eta ahal zutenek barreatzerat egin dute lehen-bai-lehen.